DESCUBRE
otsaila 2019
ZERO bisitariak Museoarekin lehenengo kontaktua izan dezan prestatutako aretoa da. Proiekzio inguratzaile bat tarteko, bertaratzen dena Museoaren esperientzia osoago baterako prestatzen du gune honek. Atondoaren alboan dago ZERO, eta bisitari guztiei harrera egiten die, Museoren eta haren inguruko historiara zentzumenen bidez hurbiltzeko aukerarekin, eta Frank Gehryren arkitektura paregabearen eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma iraunkorreko artelanik esanguratsuenen gaineko ikuspegi desberdin batekin. Geometriaren eta pantaila handi baten gaineko proiekzio kurbatuaren bidez, ispiluz estalitako areto honetan ispiluek 14 aldiz biderkatzen dute mugimendudun irudia, ikuslea inguratu eta hari 300 graduko ikus-eremu kaleidoskopikoa eskaintzeko. Konfigurazio dinamiko horrek esperientziaren erdigunean kokatzen du bisitaria, arkitekturaren muga ukigarriak gainditzen baititu. Bilboren eta Bizkaiaren historiak, paisaiak eta iragan industrialak eratzen dute ZEROren ikusizko edukia. Irudi historikoen hautaketa bati esker, bisitariak aukera du Museoaren ingurunearen testuingurua zein den aztertu eta hura ulertzeko; halaber, irudi horien bitartez, argi eta garbi geratzen da Museoaren eta hiriaren arteko lotura estua, baita EAEren identitate estetikoari dagokionean ere.