Wellbeing
DESCUBRE
Artea funtsezkoa da, izan ere, gure ongizatea hobetzen du eta bizitzaren zentzuarekin konektatzen gaitu. Artearen bidez, gaiak, pertsonak, uneak, testuinguruak (historikoak zein egungoak) eta gureen modukoak nahiz bestelakoak diren egiteko moduak deskubritzen ditugu. Arte-museoak bisitatzeak lasaitasuna eta konexio-egoera ekarri ohi ditu, hau da, gure ongizatea hobetzen du. Jarduera horrek estresa murrizten du batez ere, isolamendu- eta bakardade-sentsazioa txikitzen du, eta atsegingarria da, bizitza osoagoa eta esanguratsuagoa izaten laguntzen baitu. Guggenheim Bilbao Museoa bisitatzea aukera ezin hobea da gure inguruan eta geure baitan gertatzen denari berriro arretaz erreparatzeko. Artelanak begirada luze, geldo eta kontzientez behatzera gonbidatzen zaitugu, Museoaren txoko ezberdinak eta haren arkitektura berezia jakin-minarekin deskubritzera, eta zugan pizten dituzten sentsazioez eta emozioez hausnartzera. Artelan bati arretaz begiratzeak, galderak sorrarazteaz gain, begirada zabaltzen digu. Gure autonomia aktibatzera, gure pentsamendua garatzera eta sentitzera gonbidatzen gaitu. Artera hurbiltzeak behatzeko, hausnartzeko, sortzeko, ausartzeko eta gure buruarekin eta besteekin konektatzeko ditugun gaitasunak areagotzeko ahalmena du. Gainera, arte-museoek gure emozioak aztertzeko espazio segurua eskaintzen dute. Emozio negatiboei hobeto aurre egin diezaiekegu segurua dela dakigun leku batean, artea dela (eta ez errealitatea) dakigun leku batean. Eta harremanak eta sentimendu positiboak gehiago gozatzen eta lantzen laguntzen digu, inplikatuago eta konprometituago sentitzen gara-eta. Azken azterketa zientifikoen arabera, arte-museoak bisitatzeak bi modu osagarritan eragiten du pertsonengan: ongizatea areagotzen du (besteekin eta bizitzarekin konektatuta sentiarazten du eta horrek emozio positiboak hobetzen ditu), eta, era berean, ondoeza murrizten du (hau da, aldarte negatiboak eta nahasmendu-egoerak baretu egiten dira), eta horrek guztiak bisitaldiaz gehiago gozatzen laguntzen du. Artearen balio sozialarekin dugun konpromisoaren bidez, Guggenheim Bilbao Museoak bertoko erakunde sozial eta terapeutikoekin egiten du lan onura horiek kolektibo zaurgarriengana eramateko, haien erresilientzia eta integrazioa sustatu asmoz. Benetako artelan bati begiratzea esperientzia paregabea da publiko guztientzat. Pieza berezi baten aurrez aurre egoteak —pantailarik gabe, zuzenean, artistek adierazi nahi dutenarekin ez beste ezerekin hartu-emanean— gizaki gisa dugun benetako izaerarekin konektatzen gaitu.