Canal Guggenheim Bilbao

logo

Steve MᶜQueen: 66–76–26

ERAKUSKETAK

Steve MᶜQueen: 66–76–26 2026.10.09 - 2027.02.21 Steve MᶜQueenek 30 urtetik gora daramatza ezikusiarena egin ezin zaien gaiak jorratzen: historia, indarkeria, poza, atsekabea, lekukotasuna. 66–76–26 instalazioak, berriz, aldaketa nabarmena dakar: ez dago irudirik, bi ahots baino ez; hamarkada bateko aldeaz grabatutako bi ahots areto ilundu batean elkarturik. Wild is the Wind kantuaren grabazioak dira bi-biak. 1957ko izen bereko filmerako idatzitako abesti hura erabat bestelako erregistro batera eraman zuten Nina Simonek 1966an eta David Bowiek 1976an. MᶜQueenek behin eta berriro jo izan du interpretazio horietara, biei darien desirak, beharrak, premiak —artistak irrika bizia deitzen duen horrek— erakarrita. Instrumentazio oro kenduta, eta bakoitza aretoko mutur batean jarrita, Simonek eta Bowiek sekula egin ez zuten duetoa osatzen dute bi ahotsek. AEBko eskubide zibilen aldeko mugimendu betean grabatu zuen Simonek bere bertsioa, osasun-arazo handiak zituen garai batean. Bowiek, berriz, gainbehera pertsonalean erortzeko zorian zela grabatu zuen berea; adikzioaren atzaparretan hain sakon zegoen harrapatuta, ezen ez baitzuen grabazio-saioa apenas gogoratzen. Biek ere barrenak hustu zituzten musikarekin, irabazi ala galdu. Kantua momentu haietatik une honetara dator, eta entzungai duguna ezin da inolaz ere bereizi grabazioak egin ziren garaian gertatutakotik. Instalazioak arreta-mota jakin bat eskatzen du. Aretoa ilunduta dago, inolako objektu edo irudirik gabe. Ez dago argazkitan hartzeko ezer. Geratzen den bakarra soinua da, arnasa, eta bisitari bakoitzak espaziora dakarren bizitza. Izan ere, MᶜQueenen hitzetan, ikusleak dira pieza honetako hirugarren ahotsa. Komisarioa: Lekha Hileman Babeslea: Occident

Community

Community-ko kideentzako baliabide esklusiboak

logo

HARREMANETARAKO

Telefonoa:

+34 944 35 90 00+34 944 35 90 80
Abandoibarra etorbidea, 2 48009 Bilbo