Canal Guggenheim Bilbao

logo

Ruth Asawa: Atzerabegirakoa

ERAKUSKETAK

martxoa 2026

Ruth Asawa: Atzerabegirakoa 2026.03.19 - 2026.09.13 “Artista bat zera da: gauza arruntak hartu eta horiek berezi bihurtzeko gaitasuna duen pertsona arrunta”. —Ruth Asawa Sei hamarkadako ibilbidea jasotzen duten hamar ataletan barrena, erakusketa honek artista ikoniko baten praktika berritzailearen izaera zabal eta sakona azaltzen du. Ruth Aiko Asawak (Norwalk, Kalifornia, AEB, 1926–San Frantzisko, Kalifornia, AEB, 2013) sormen-lana bere bizitzaren arlo guztiekin bateratzen jakin zuen artista, hezitzaile eta artearen aldezle gisa. Hemen erakusgai dauden lanak osatzeko haiekin batera aurkezten diren argazki eta dokumentuek argi uzten dute arlo desberdinen arteko lotura hori; izan ere, askotariko artelanak aurkituko ditugu aretootan: artistaren alanbre kiribilduzko eskultura eseki ezagunenetatik, naturan oinarritutako alanbre lotuzko piezetaraino; baita igeltsuzko eta brontzezko moldeak, paper-tolesak, margolanak, marrazkiak, zirriborro-koadernoak eta estanpazioak ere. Asawaren lanak zalantzan jartzen ditu abstrakzioaren eta figurazioaren, irudiaren eta hondoaren, eta espazio negatibo eta positiboaren arteko bereizketak, eta agerian uzten du nola, inguruarekin hartu-emana sortzen duten konposizioen baitan, elementu erabat heterogeneoek eragina duten elkarrengan. Japoniako etorkin nekazarien sendi bateko zazpi seme-alabetan laugarrena zen Asawa. Japoniar jatorrikoak zirenez, Bigarren Mundu Gerran AEBko gobernuak barneratze-esparruetan giltzaperatu zituen bortxaz artista eta familia. 1946an, japoniarren aukako aurreiritziak zirela-eta, arte-irakasle izateko titulua eskuratzeko aukera ukatu ziotenean, Ipar Carolinako Black Mountain College aurrerakoian eman zuen izena Asawak. Ikastegi hartako giro demokratikoaren baitan, esperimentazioan eta lan nekaezinean oinarritutako sormen-bidea urratu zuen. Black Mountainen eman zuen denboran hasi eta bizitzaren amaierara arte, parametro jakin batzuen baitan kokatu zuen Asawak bere praktika artistikoa, gardentasunaren, jarraitutasunaren eta espazioaren ideiak ikertu ahal izateko. 1949an San Frantziskora joan zen bizitzera, eta huraxe izan zuen bizitoki hil arte. 1960ko hamarkadan, bere ibilbidea zabaldu eta komunitatearekin hartu-emanean lan egiteari ekin zion enkargu publikoen, heziketa artistikoaren eta gizartearen aldeko lanaren bitartez. Artistaren obra polifazetikoa eredutzat hartuta, atzerabegirako honek Asawaren ibilbidearen eta ondarearen mapa osatzen du, eta haren berrikuntza erradikaletan ageri den esperimentazio material eta formal etengabea nabarmentzen du. Ruth Asawa: Atzerabegirakoa San Francisco Museum of Modern Art (SFMOMA) eta New Yorkeko Museum of Modern Art (MoMA) erakundeek antolatutako erakusketa da. Bilboko erakustaldia Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan egina da. Erakusketaren komisario nagusi izan dira Janet Bishop, ‘Thomas Weisel Family’ Arte-arduradun nagusia, SFMOMA, eta Cara Manes, Arte-arduradun elkartua, Pintura eta Eskultura Departamentua, MoMA; eta laguntzaile izan dute Geaninne Gutierrez-Guimarães, Arte-arduraduna, Guggenheim Bilbao Museoa. Nazioarteko itinerantziaren babeslea: The Henry Luce Foundation Komisarioak: Janet Bishop, Cara Manes; Geaninne Gutiérrez-Guimarãesekin batera Egoitzak: San Francisco Museum of Modern Art, San Frantzisko; Museum of Modern Art, New York; Guggenheim Bilbao Museoa; Fondation Beyeler, Riehen/Basilea

share
Erlazionatutako edukiak
  • Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
    Community
    Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
    BISITA GIDATUA

    Ruth Asawa: Atzerabegirakoa

    BISITA GIDATUA

    martxoa 2026

    Community

  • Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
    Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
    AURKEZPEN-HITZALDIA

    Ruth Asawa: Atzerabegirakoa

    AURKEZPEN-HITZALDIA

    martxoa 2026

logo

HARREMANETARAKO

Telefonoa:

+34 944 35 90 00+34 944 35 90 80
Abandoibarra etorbidea, 2 48009 Bilbo