ELKARRIZKETA
martxoa 2016
Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: gelak 2016.03.18 - 2016.09.04 “Espazioa ez da existitzen; gure izatearen egituraren metafora bat baino ez da”. Louise Bourgeois Louise Bourgeois (1911–2010) xx. mendean itzal handienetakoa izandako artista zen. Askotariko materialak eta formak jorratu zituen eta ia zazpi hamarkada hartzen dituen corpusa sortu zuen. Artista ibilbide luzean, Bourgeisek hainbat kontzeptu eta ideia formal garatu zituen, gaur egungo artearen funtsezko gai bihurtu direnak; horien artean daude lanak giro jakin bat sortzeko taxutzea, antzezpenarekin lotutako formatuak lantzea eta artelanetan psikoanalisiaren eta feminismoaren inguruko nozioak txertatzea. Bourgeoisen eskultura bereziek, marrazki bikainek eta lan grafikoek ez dute parekorik. Ia hogei urtez landu zituen Gelak eta Bourgeoisen arte-ekoizpen zabaleko eskultura-lan berritzaileenen eta probokatzaileenen artean daude. Emozio anitz arakatzen dituzten espazio arkitektonikoak dira; Gela bakoitza mikrokosmos bat da: barrualdea barneko munduaren isla da eta Gelak berak hesiarena egiten du, kanpoaldetik bakantzen du. Gune berezi horietan zama emozional handiko eszenografiak eraiki zituen artistak, aurkitutako objektuak, jantziak, altzariak eta eskulturak modu jakin batean kokatuz. Bourgeoisek 60 Gela inguru sortu zituen 1986tik, Artikulatutako gordelekua (Articulated Lair) lana egin eta saila hasi zuen urtetik —seriea hasi baino lehenago egindako bost lan aurrekariak aintzat hartu dira zenbaketan—. Erakusketa honetan lan-multzo horretako adibide ugari bildu dira, inoiz baino kopuru handiagoan. Babeslea: Fundación BBVA