AURKEZPEN-HITZALDIA
ekaina 2024
“Zer esan nahi du bizitza bat bizitzeak? Pentsamendu horretan galtzen naiz artelan bat sortzen dudan bakoitzean”. “Disoluzioa eta metaketa, hedapena eta banaketa, obliterazio partikulatua eta unibertsotik datozen erreberberazio ezkutuak. Horiek izango ziren nire artearen oinarriak, eta jada forma hartzen ari ziren garai haietan”. Japoniako Yayoi Kusama (Matsumoto, Nagano, 1929) artista eta idazlea arte-historialariek miresten duten figura berezia da haren ibilbide aitzindariarengatik; izan ere, hirurogeiko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte mugimendu artistiko ugari biltzen ditu. Mundu-mailan benetako kultur ikono bihurtuta, azken zazpi hamarkadetan Kusama bere ikuspegi abangoardistari eskaini zaio uste osoarekin, haren bizi-filosofiaren isla garbia den estetika pertsonala perfekzionatuz. Erakusketa honetan Kusamaren sormen-esplorazioak bultzatzen dituzten gai existentzialak jorratzen dira. Haren pintura, marrazki, eskultura, instalazio eta happening eta perfomanceei buruzko material dokumentalaren bidez, haren jarduerari buruzko analisi sakona eskaintzen du erakusketak, Bigarren Mundu Gerran nerabe zela egindako lehen marrazkietatik hasi eta ispiluekin egindako azken murgiltze-instalazioetaraino. Kronologikoki eta gaika antolatuta dago Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino erakusketa, eta, bertan, artistaren bizitza zeharkatzen duten funtsezko sei gai jorratzen dira: Infinitua, Metaketa, Konektibitate erradikala, Natura Kosmikoa, Heriotza eta Bizitzaren Energia. Gai horiek Kusamaren unibertso obsesiboaren barruan erlazionatuta agertzen dira eta eboluzionatu egiten dute. Kusamak hamarkadak daramatza eszena artistikoa eta gizartea astintzen, “gizateria osoa sendatzeko” asmoarekin. DORYUM CHONG MIKA YOSHITAKE LUCIA AGIRRE Babeslea: Iberdrola